XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Potentzia legegilearen jabea populua dela, eta hura baizik ezin izan daitekeela, ikusia dugu.

Aise da ikustea, alderantziz, gorago finkatu printzipioen arabera, potentzia exekutiboaren jabea ezin izan daitekeela legegile edo subiranoa den multzo orokorra, ezen potentzia exekutiboa legearen eremutik kanpoan gorpuzten da, eta, beraz, subiranoaren aktak oro legeak direnaz gero, subiranoaren eremutik at diren akta partikularretan.

Indar publikoak eragile berezi baten beharra du.

Horrek bilduko du, eta nahi orokorrrak emanikako norabideen arabera ibilaraziko; horrek bideratuko du Estatuaren eta subiranoaren arteko komunikazioa, molde horretan gorputzaren eta arimaren batasunak gizona baitan dagiena pertsona publikoan eginen baitu.

Horra zertako den gobernamendua.

Gaizki da, batzuetan egiten den bezala, hura subiranoarekin nahastea, zeren honen ministroa baizik ez baita.

Zer da bada gobernamendua?

Menekoek eta subiranoak elkarren arteko harremanetan duten gorputz arartekari bat, haren kargua baita legeen obratzea, eta libertatearen, hala zibilaren nola politikoaren, zaintzea.

Gorputz horretako partaideak magistratu deitzen dira, edo errege, erran nahi baitu gobernari; gorputz osoari, berriz, printze 20 izena ematen zaio.

Horretaz, arrazoin osoa dute, populu batek bere burua bere buruzagien azpiko egiten duen akta hitzarmena ez dela diotenek.

Berez komisio bat baizik ez da, enplegu bat, hartan buruzagiek, subiranoaren aitzindari soil gisa, honen izenean, honek haien gomendiotan utziriko botereak baliatzen baitituzte.

Haatik, plazer duelarik botere horiek muga ditzake subiranoak, edo alda, edo berriz bere eskuetan har, ezen gizarte gorputzak bere izatez ezin aliena dezake horrelako eskubidea, hala egin baleza, elkartearen helburuei ezin bizkarra eman bailiezaieke.